otsoak

dantza taldea

otsoak dantza taldea

otsoak san gregorio

Ataungo Otsoak Dantza Taldea sortzeko lehen saiakera 1996ean koka dezakegu. Ataungo Udalak herrian, haurren dantza talde bat sortu asmoz, Euskal Dantza ikastaroak antolatzeari ekin zion.

Lau urtez gogor lan egin ondoren, 35 haur eta gaztetxoek osaturiko  taldea sortzea  lortu zuten. Azkenik, Udala, irakasle eta gurasoen elkarlanari esker 2000 urtean jaio zen Ataungo Otsoak Dantza Taldea.
Herriko hiru auzoetako jaietan, Otso festan … saio ederrak hasi ziren eskaintzen, baita Dantzari Txiki egunetan parte hartzen ere. 

 Urteak pasa ahala, hasiera  batean ikasle izan ziren haurrak IRAKASLE bihurtu ziren eta dantza taldea  gorputza hartzen joan zen.

Horrela, 2010 urtean EUSKAL DANTZAK SUSTATU  eta BULTZATU asmoz, Ataungo Otsoak Dantza Taldea  elkarte bilakatu zen eta gaur egun martxa izugarria hartu du.

otsoak eskontzaGeroztik, urte gorabeheratsuak bizi izan ditugu. 2011ean desagertzeko zorian egon ginen, baina, “ama” talde baten ilusio eta irmotasunari esker, dantza taldeari bultzada ederra ematea lortu genuen. Hau da, gure haurren eredu izan asmoz, Haizea Morenoren gidaritzapean, HELDUEN TALDEA sortu genuen;  

talde ederra, anitza eta ilusioz beteriko emakumez osatua. Gure dantza zaletasuna kutsatu nahi genien gure haurrei, gainontzeko gurasoei, herritar guztiei …

Lau urteren buruan, belaunaldi desberdinez osaturiko 70 dantzariko taldea eratu dugu.

 Gaur egun, Haizea Moreno, Irati Arrieta, Maddi Irastorza, Manex Idiakez eta Aiora Erauskin eta Saioa Aranburu ditugu irakasle. Euskal Dantza tradizionalez gain, hauetan oinarrituriko koreografi bikainak irakasten dizkigute.

otsoak san martin Guztion lanari esker, Ataungo 3 auzoetan dantza egiteaz gain, Udalak, nahiz herriko edozein elkartek eskaturiko ekitaldietan parte hartzen dugu; Jentilen Etorrera, Gaueko Ibilaldi Mitologikoa, Ohitura Zaharren eguna, Inauteriak, Euskararen eguna, Emakume Langilearen eguna, hainabt herritarren omenaldia, Aberri eguna…

 Ataungo Otsoak Dantza Taldeko kideak, lanean jarraitzeko prest gaude, gogotsu, etorkizunak ekar diezagukeen  edozein erronkari aurre egiteko prest.